SOKRATES

Aristotelesen arabera, bi izan ziren Sokratesen ekarpenak: elkarrizketa bidezko argudiaketa induktiboa eta definizio unibertsala. Horrez gainera, ez dugu ahaztu behar bere irakaspenak erabili zituela bere bizitzan, eta, horren ondorioz, bizitzaren zein heriotzaren aurrean jardunbide eredugarria utzi zuela ondorengo filosofoentzat. Platonen pentsamenduan nabarmena da hori.
•Antierlatibismo morala: definizio unibertsalak
Erlatibismoari aurpegia eman nahian, Sokratesek hala zuzentasunari nola edertasunari dagokienez, definizio zehatza emateak berebiziko garrantzia duela erakutsiko du, eta banan-banako adibideen gainetik, hitzaren esangura mamitsua aurkitu eta mugatu beharra dagoela aldeztuko du: iritzi guztien gainetik, jardunbide zuzena (egia morala) bilatzea da gure egitekoa, inori irakatsi ahal izateko.
Platonen maisuak Etikaren eremura daramatza erlatibismoaren aurkako ikusmolde hauek. Horrela, Sokratesena lehen moral arrazionala dela esan daiteke.
- lntelektualismo etikoa. Bizibide bakoitzean aritzeko hari dagozkion xehetasunak ondo ezagutu behar diren bezala, bertutean aritzeko ere arlo horretako berezko jakingarrien jabe izan behar da.
Sokratesek, hortaz, bertutea jakintzari lotzen dio.
Bestela esanda, inor ez da okerra bere borondatez; hots, inork ez du gaizkia egiten nahita, baizik eta jardunbide zuzena ezagutzen ez duelako edo egoera bati dagozkion inguruko guzti-guztiak ezagutzen ez direlako (intelektualismo etikoa).
Era horretan saiatzen da Sokrates erlatibismoa gainditzen: ezagutza eta etika batuz, alegia.
• Maieutika: Sokratesen metodoa
- lronia. Ezjakinaren itxura eginez, elkarrizketan parte hartzen dute solaskideen hasierako jakinduria kritikatzen du, mintzaidearen zalantza eta jakinezaren aitorpena lortu arte. Sokratesek ezjakinarena egiten du, eta hizketakideek aldarrikatutako ideien azpian ezkutatzen diren kontraesanak agerira ateratzera mugatzen da. Honela jokatuz, Sokratesek erantzun desegokiak baztertu nahi ditu, eta egokien bila abiatu.
- Maieutika. Gure barnean ditugun ezagutzak erditzen lagundu behar du filosofoak. Ezagutzean ez dugu ezer berririk asmatzen (Sofisten kontra), barneko edukiak kanporarazten baizik. Sokratesen ustez, amak (emagina zen) haurrekin egiten zuena egiten du maieutikak ideiekin: ateratzen lagundu. Prozesu osoaren bukaeran, ikergaiaren gaineko erabakiarekin (gehienetan, definizioarekin) topo egitea du helburu Sokratesek.