SOFISTAK

“Sofista” hitzaren esanahia aldatu zen urteetan zehar. Hasiera batean, jarduera jakin batean beharrezkoa zen trebeziari zegokion sofista izatea; adibidez zurgina “sofista” zela esan ohi zen, hau da, zurgina behar den bezala aritzen zela zurgintzan eta zurra nola landu bikaineko moduan zekiela. Geroago, esanahi intelektual bat hartu zuen “sofista” hitzak, jakintsuaren esanahi bereko bihurtzen. K.a. V. mendean, sofista “irakaslea” edo “maisua” zen. Batzuetan ere esanahi negatibo bat hartu zuen hitz horrek, Aristofanesek idatzitako “Hodeiak” lanean ikus daitekeen moduan.
Sofistak irakaskuntzaren profesionalak ziren; Atenasen batez ere, hiriko aberatsen etxeetan eta leku publikoetan ematen zituzten eskolak. Oratoria, matematika, musika, astronomia..., eta, orokorrean, hiritar batek bere statusari zegokion altueran egoteko behar zuen guztia irakasten zuten sofistek.
Sofistak eszeptikoak, indibidualistak eta aurreko filosofiarekin, batez ere Parmenidesen filosofiarekin, kritikoak ziren. Argi eta garbi zuten gauza bakarra hizkuntzaren inguruan zegoen guztia zen, eta horretan benetan maisuak ziren.
Sofisten iritziz, Natura edo Physisa gizakiaren borondatetik kanpokoa da; hots, gertatu beharrekoa gertatzen da, eta gizakiak honetan ezer egiterik ez duenez, Naturak ez du ikerketagai izan behar. Beraz, jakinduria-emaile hauek unibertsoaren izaerari buruzko filosofo zaharren gogoetak baztertu, eta arazo berriak plazaratu zituzten: antropologikoak, hizkuntzazkoak, zuzenbidezkoak, politikoak eta moralak, hain zuzen. Eta gizarte eta kultura bakoitzak bere portaera-ereduak dituenez, gizakia ikertu behar da errealitatea ikertu ordez: gizakia eta giza kontuak dira garrantzitsuena, Trasimako, Gorgias edo Protagoras (<<gizakia gauza guztien neurria da>>) izan ziren mugimendu intelektual honen ordezkari nagusiak.
Sofistek, bestalde, zentzumenen baliozkotasuna azpimarratu zuten. Zer ondorio atera daiteke? Zentzumenetik datorkigun informazioa aldatzen da pertsonaz pertsona, banakakoa, norberarena baita. Horiek horrela, norberaren esperientzia da garrantzitsuena.
Orduan, zein da egia, zeuk ala neuk hautemandakoa? Gauza eta pertsona guztien gaineko egiarik ez dago, eta ondorioz ezin da ezagutu: eszeptizismo epistemologikoa.